Estatuko Portuei eta Nabigazio Zibilari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen irailaren 5eko 2/2011 Legegintzako Errege Dekretuak 65. artikuluan xedatzen du portu-agintaritzek kontrolatuko dutela, besteak beste, segurtasun-sistemei eragiten dien araudia betetzen den, ekintza antisozial eta terroristen aurrean babesteari buruzkoak barne, hargatik eragotzi gabe administrazio publikoetako beste organo batzuei dagozkien eskumenak.
Bestalde, abenduaren 7ko 1617/2007 Errege Dekretuak, portuen eta itsas garraioaren babesa hobetzeko neurriak ezartzen dituenak, portu-agintaritzei eginkizun batzuk esleitzen dizkie itsas babesa ukitzen duten egintza ez-zilegi berariazkoen aurka portu-babesa emateko, eta portu-babeseko agintaritza izaera ematen die agintaritza horiei.
Agintaritza horiei lotutako larrialdien kontrol-zentroetan jasotako dei batzuek kritikotasun handia dute portuko babesa eta kontrola zaintzeari eta segurtasun publikoari dagokienez; beraz, ondorioztatzen da komeni dela dei-mota horietan jatorrizko linearen identifikazioa ezkutatzeko aukera ezabatzea.
Espainiako portu-sistemaren portu-agintaritzek hala eskatuta, proiektuak proposatzen du onartzea deia egiten duen linearen identifikazioa ezabatzeko markak kentzeko mekanismoa aplikatzea larrialdi-kontroleko zentroetara egindako deiei, dei horien jatorria beti ezaguna izan dadin, abonatuak jatorri-zenbakiaren aurkezpena ezabatzeko eskatu arren.