Zuntz optikoa transmisio-bide bat da, oso ezaugarri onak dituena gaitasun handiari eta moteltze baxuari dagokienez. Hori dela eta, bitarteko ezin hobea da telekomunikazio-sareetan erabiltzeko, eta distantzia luzeetara datu-kantitate handiak bidaltzeko aukera ematen du.
Zuntz optikozko sare puruak zuntz optikozko kablez osatuta daude erabat, eta, beraz, etxerainoko zuntz sare gisa ere izendatzen dira, ingelesez, Fiber To The Home (FTTH).
FTTH sareak bi motatakoak izan daitezke, topologiaren arabera:
- Puntutik punturako sareak: erabiltzaile bakoitza zentralari banakako zuntz baten bidez konektatuta badago; edo
- Puntutik puntu anitzerako sareak: hainbat erabiltzailek etxetik zentralerako zuntz zati bera partekatzen badute.
Azken mota horri PON sareak (Passive Optical Network) ere deitzen zaio, osagai elektroniko pasiboak erabiltzen baitituzte eraikitzean, eta gaur egun merkeena eta zabalduena baitira.
FTTH sareek xDSL zerbitzuek erabiltzen dituzten ohiko kobre-sareek baino askoz deskarga-abiadura handiagoak eskaintzen dituzte, eta 1 Gbit/s baino gehiagoko deskarga-abiadura teorikoak lor ditzakete baldintza idealetan, nahiz eta praktikan merkaturatutako abiadurak txikiagoak izan daitezkeen hainbat faktoreren ondorioz. Era berean, FTTH sareek simetria handiagoa ahalbidetzen dute, hau da, antzeko balioak, datuak igotzeko eta deskargatzeko abiaduretarako.