Satelite bidezko komunikazioak haririk gabeko teknologietan oinarrituta daude, eta bereziki erabilgarriak dira urruneko lekuetan eta/edo beste teknologia batzuen bidez hedapenik ez dagoen lekuetan banda zabaleko sarbide-zerbitzuak emateko. Satelite bidezko banda zabaleko sarbideen abantaila nagusia da estaldura ia unibertsala dutela, baldin eta satelitearen eta zerbitzuaren erabiltzailearen artean zuzeneko ikus-lerro bat badago.
Satelite bidezko banda zabaleko sarbideen abiadura maximoak hainbat faktoreren araberakoak dira, hala nola, satelite eta erabiltzailearen arteko ikus-lerroaren kalitatea, klimatologia edo maiztasun elektromagnetikoen eskuragarritasuna. Satelitearen eta erabiltzailearen etxearen arteko oztopoek eta zenbait fenomeno meteorologikok eragin negatiboa izan dezakete konexio-abiaduran. Era berean, gerta daiteke konexioek latentzia (atzerapen) handiagoa izatea lurreko sareetan oinarritutako sarbideetan baino, seinale elektromagnetikoek distantzia luzeak egin behar dituztelako. Bestalde, satelite bidezko komunikazioetarako irrati-maiztasuneko banden erabilgarritasuna mugatua izan ohi da, eta, beraz, satelite bidezko operadoreek eskaintzen dituzten abiadurak ohiko banda zabaleko sarbideenak baino laburragoak izan daitezke, kableatutako teknologietan oinarrituta.
Satelite bidezko banda zabaleko sarbiderako behar den ekipamendua sateliterako IP modem berezi bat da, bai eta erabiltzailearen etxean bi noranzkoko transmisio-unitate bat duen kanpo-antena bat instalatzea ere. Ekipamendu horren kostua ez da sartzen sarbide-zerbitzuaren altan, baina alderdi hori operadore bakoitzaren merkataritza-jardueren araberakoa izango da.