ADSL (Asymmetric Digital Subscriber Loop edo Abonatu-begizta Digital Asimetrikoa) transmisio-teknika bat da, eta, ohiko telefono-sarearen abonatu-begiztetan aplikatuta, datuak abiadura handian transmititzeko aukera ematen du. Horretarako, telefono-zerbitzuan erabiltzen direnak baino maiztasun handiagoak erabiltzen ditu, haietan interferentziarik eragin gabe, eta, hala, telefono-zerbitzurako eta ADSL bidez datu-zerbitzuetara sartzeko begizta aldi berean erabil daiteke.
ADSL sistemen asimetriak transmisio-gaitasun handiagoa ematen du "beheranzko noranzkoan" (telekomunikazio-saretik erabiltzailera) "goranzko noranzkoan" (erabiltzailetik sarera) baino. Hori dela eta, bereziki egokiak dira Web sistemetan oinarritutako Interneteko sarbiderako, erabiltzaileek jasotako informazio-bolumena bidalitakoa baino askoz handiagoa baita.
ADSL da xDSL (Digital Subscriber Line) familiako zenbait estandar izendatzeko gehien erabiltzen den izena. Estandar horien artean daude ADSL2 eta ADSL2+, abiadura edo irismen handiagoa eskaintzen duten ADSL bilakaerak, VDSL eta VDSL2, abiadura oso handiak baina oso luzera laburreko begiztetara mugatuak ahalbidetzen dituztenak, eta SDSL, beheranzko eta goranzko abiadura bera izateko aukera ematen duena.
Oinarrizko ADSL estandarrak ez du 8 Mbit/s-tik gorako abiadurarik onartzen. Gaur egun gehien erabiltzen den teknologia ADSL2+ izenekoa da, 24 Mbit/s-raino baldintza ezin hobeetan lortzeko aukera ematen duena. VDSL teknologiak 52 Mbit/s-ko eta VDSL2 100 Mbit/s-ko gehienezko deskarga-abiadura ahalbidetzen du, hori ere baldintza idealetan.
Abiadura horiek dira lor daitezkeen gehienezko kotak, baina horrek ez du esan nahi erabiltzaileek linea guztietan eta une oro erabil ditzaketenik. Linea batzuek, beren ezaugarri fisikoengatik, batez ere luzeragatik, ezin izango dituzte inoiz maila maximo horiek lortu. Hori dela eta, “20 Mbit/s-rainoko” abiadurak iragartzen dituzten merkatuko eskaintza batzuek ez dute bermatzen bezero guztiek abiadura maximo hori izatea.
Bestalde, sarbide-linea erabiltzaile bakoitzari eskaintzen zaion arren, ADSL linea-multzoen zirkulazioa bideratzen duten datu-sareak baliabide partekatuak direla kontuan hartuta dimentsionatzen dira; hala, erabiltzaile gehiago konektatuta dauden heinean, bakoitzak duen benetako abiadura txikiagotu egiten da.