Tenerifeko Merkataritza Ganberaren eta Gobernantza Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren arteko topaketa, administrazio-kargak murrizteko

03/11/2020

Espainiako Merkataritza Ganberak, Tenerifeko Santa Cruzeko Merkataritza Ganberaren bitartez, Gobernantza Publikoko Zuzendaritza Nagusiarekin lankidetzan, topaketa bat egin zuen urriaren 30ean, Tinerfeko enpresek Gobernantza Publikoko Zuzendaritza Nagusiko teknikariei helaraz diezazkieten energia-eremuarekin, klima-aldaketaren aurkako borrokarekin, ekonomia zirkularrarekin eta jasangarritasunarekin lotutako izapideen kudeaketan dituzten oztopo burokratikoak.

Espainiako Ganberak eta Lurralde Politikako eta Funtzio Publikoko Ministerioak sinatutako hitzarmenaren barruan sartzen da ekintza hori. Hitzarmen horren arabera, 2020an jardunaldi teknikoak egingo dira enpresekin, aipatutako arloetako administrazio-izapideei buruz. Hamabost enpresak hartu dute parte topaketan, eta parte-hartzea presentziala zein telematikoa izan da.

Biltzarraren buru Ganberako presidentea izan zen, eta azpimarratu zuen enpresek aurre egin beharreko administrazio-izapideak sinplifikatu egin behar direla eta inbertsio- eta lehiakortasun-gaitasuna mugatzen dutela, are gehiago pandemiaren inguruan, non enpresek inoiz baino bizkortasun handiagoa behar baitute beren negozioak babesteko.

Energiaren, birziklapenaren, industria-sektorearen eta ingurumen-aholkularien sektoreko Tenerifeko enpresek ere hartu dute parte topaketa teknikoan, Ministerioari helarazteko zer arazo dituzten eta zer izapide berezi egin behar dituzten sinplifikatzeko edo ezabatzeko.

Gobernantza Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak arlo bakoitzeko zentro kudeatzaileei bidaliko dizkie proposamenak, baloratu eta abian jar ditzaten, enpresa-proiektuak gauzatzerakoan dagoen burokrazia arintzen saiatzeko.

Bilera horiek Estatuko Administrazio Orokorraren eta enpresaburuen arteko topagunea dira, administrazioa sinplifikatzeko bidean aurrera egiteko, arreta berezia eskainiz ETEei. Foro bat osatu nahi da, enpresek EAOk eta erakundeek administrazio-kargak murrizteari eta erregulazioa hobetzeari buruz egiten dituzten jarduerak ezagut ditzaten, eta, aldi berean, aurkitzen dituzten eta lehiakortasuna kentzen dieten oztopoak adieraz ditzaten.