Madrilen, 2024ko apirilaren 30ean.- Transformazio Digitalerako eta Funtzio Publikoko Ministerioak bi ministro-agindu prestatu ditu (gaur BOEn argitaratuko dira) Estatuko Administrazioaren giza baliabideen plangintza estrategikoari eta zuzendari publiko profesionalaren figurari buruz. Administrazioaren giza baliabideei buruzko bi ministro-agindu horiek 6/2023 Errege Lege Dekretuaren barruan daude, eta Administrazioaren behin-behinekotasuna murrizteko Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planaren konpromisoen parte dira. Giza baliabideen plangintza estrategikoak leku nagusia du funtzio publikoaren arloko erreformen multzoan.
Plangintzari buruzko aginduaren xedea planak (orokorrak, espezifikoak eta berregituraketakoak) egiteko arauak eta gidalerroak ematea da. Plan horiek, tresna teknologikoen eta datuen erabilerarekin batera, gaitasunetan oinarritutako giza baliabideen kudeaketarako kultura-aldaketaren bultzatzaile izan behar dute. Plangintza da administrazioaren helburuak eta bere politika publikoak langileen beharrekin lerrokatzeko tresna nagusia, bai ikuspuntu kuantitatibotik, bai kualitatibotik. Haren bidez bakarrik egiaztatu ahal izango da giza baliabideak eta haien profil teknikoak egokiak diren helburuak betetzeko.
Asmoa da giza baliabideen plangintza Europako aurrekontu-zikloaren eskutik joatea, eta ebidentziak izatea, arlo funtzionalen arabera egituratuta, ikusteko zer giza baliabide dituen Administrazioak, zer behar dituen, eta horren arabera planifikatu ahal izateko.
Administrazioko zuzendari publiko profesionalaren ministro-aginduarekin, arau zehatzak ezartzen dira, lanpostuak betetzeko esparru orokorraren barruan, zuzendari publikoen lanpostuetarako sarbidea arautzeko, eta lanpostu horiek kudeatzeko tresnak artikulatzen dira.
Berezitasunak sartzen dira zuzendari publiko profesionalen postuak betetzeko eta haiek uzteko prozeduran, hautaketa egokitasun-, gaitasun profesional eta esperientzia-irizpideetan oinarrituta egin dadin indartzearren.