5G teknologia komunikazio mugikorren paradigma berria izateaz gain, funtsezko osagai teknologikoa izango da eraldaketa digitalean, eta zeharkako eragina izango du herrialde aurreratuenetako gizartean eta ekonomian hurrengo hamarkadan.
Espainiako 5Garen testuinguru estrategikoari dagokionez, lehen inflexio-puntu bat “5G Plan Nazionala (2018-20)” onartzea izan zen. Plan horren azken helburua zen gure herrialdea teknologia berri horren garapenean aurreratuen dauden herrialdeen artean kokatzea, 5G teknologiak heldutasun teknologikoa eta komertziala lortzen duenean Espainia prest egon dadin paradigma teknologiko horren aukerak ahalik eta gehien aprobetxatzeko.
Bestalde, 2020ko uztailean, “Espainia Digitala 2025” estrategia aurkeztu zen, zeinak 50 neurri, erreforma eta inbertsio biltzen dituen, hamar ardatz estrategikotan artikulatuta, aldi berrirako Europar Batasunaren politika digitalekin lerrokatuta. Ardatz estrategikoetako bat 5G teknologia bultzatzea da. Ardatz estrategiko hori hedatzeko, 2020ko abenduaren 1ean “5G Teknologia Sustatzeko Estrategia” argitaratu da. “5G zerbitzuetarako gaitutako espektro irrati-elektriko bat” edukitzea da 5G teknologia bultzatzeko helburuetako bat. Zehazki, 5G teknologiari eskainitako maiztasun-bandak merkaturatzea da haren jarduera-ildoetako bat; besteak beste, 700 MHz-eko banda (694tik 790 MHz-era).