Madrilen, 2025eko urtarrilaren 31n.- Oscar López Transformazio Digitaleko eta Funtzio Publikoko ministroak eguneratu egin ditu enplegu publikoa egonkortzeko prozesuaren zifrak, eta dagoeneko 332.613 lanpostura iritsi da. Hala, gainditu egin du Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Planean (PRTR) Europarekiko hartutako konpromisoa. “Irakaskuntza eta osasun sektorea, gure Ongizate Estatua sostengatzeko gakoak, dira egonkortze prozesu honetatik onura gehien jaso dutenak”, azpimarratu du Lopezek bere sailaren jardun-ildo nagusiak aurkezteko Senatuko Funtzio Publikoaren Batzordean egindako hitzaldian.
Enplegu publikoari dagokionez, martxoan, gaikuntza nazionaleko mila lanposturen deialdia egin dela ere nabarmendu du ministroak: “Udal askotan sartuko diren ehunka idazkari, diruzain eta kontu-hartzailez ari gara”, esan du Lópezek. Gogoratu duenez, deialdi honetan, hala eskatzen duten autonomia-erkidegoek beren lurraldeetan egin ahal izango dituzte funtzionario horien hautaketa-prozesuak, sarrera-probak eta hautaketa-ikastaroak, Estatuko Administrazio Orokorrarekin lankidetza-hitzarmen bat sinatuz.
Gobernu irekia
Ministroak Administrazio Ireki baten aldeko Adostasuna planaren egoera errepasatu du, gardentasunaren, parte-hartze publikoaren eta kontuak ematearen, sektore publikoaren gaitasunetan inbertitzearen eta herritarrei irekitzearen ardatz estrategikoetan oinarrituta garatzen den “herri-akordioa”. Halaber, nabarmendu du Demokraziarako Ekintza Plana duela lau hilabete onartu zela, eta dagoeneko martxan jarri dela bere edukien % 30ean, 5 ekimen ezarrita eta 4 garapen-maila aurreratuan.
Espainiak Gobernu Irekirako Aliantzaren kolehendakaritza izango du, eta, horren ondorioz, Gobernu Irekirako IX. Goi-bilera egingo da Gasteizen datorren urrian. Horri dagokionez, nazioarteko ekitaldi hori antolatzen duen batzordea eratzeko joan den asteazkenean egin zen bileraren berri eman du ministroak. Era berean, Lopezek senatariei azaldu die Gasteizko goi-bileran Espainiako Gobernu Irekiaren Estrategia aurkeztuko dela, zeinaren helburua ELBk gardentasunari, parte-hartze publikoari eta kontuak emateari buruz emandako gomendioak gauzatzea den, eta aurrera jarraitzen dela Gobernu Irekiaren Bosgarren Planaren prestaketan, “laster aurkeztea espero duguna”.
Datozen hilabeteetarako ekoizpen arauemaileari dagokionez, ministroak gogorarazi du Interes Taldeen jardueren Gardentasun eta Osotasun Legearen izaera aitzindaria; izan ere, lege horren aurreproiektua joan den asteartean onartu zuen Ministroen Kontseiluak, eta “gobernu onaren eta gardentasunaren arloan aurrerapauso handia ematea ahalbidetuko du, gure inguruko demokrazia aurreratuenekin parekatuz”. Halaber, azpimarratu du Gobernuak Administrazio Irekiaren Lege Aurreproiektua aurtengo bigarren seihilekoan aztertuko duela, Funtzio Publikoaren Lege berri bat onartuko dela, eta datozen hilabeteetan Ministroen Kontseilura bidaliko dela Administrazioaren Eraldaketarako Legea.