Madrilen, 2024ko abenduaren 17an.- Ministroen Kontseiluak baimena eman du MUFACEren 2025, 2026 eta 2027rako ituna lizitatzeko. Itun horren bidez, osasun-estaldura eskaintzen zaie aseguru-etxeen bidez Espainian eta 123 herrialdetan zerbitzuak ematen dituzten funtzionarioei.
Akordio hori Funtzio Publikoaren Estatu Idazkaritzaren plangintza estrategikoaren barruan sartzen da, Estatuko Funtzionario Zibilen Mutualitate Orokorrak (MUFACE) ematen duen zerbitzua modernizatzera eta hobetzera zuzenduta.
Hiru urterako itun bat da, kolektibo estaliaren osasun-laguntza bermatzeko. Kolektibo hori 1,5 milioi pertsonatik gorakoa da, titular eta onuradunen artean. MUFACEn, % 65 lehen eta bigarren hezkuntzako eta unibertsitateko irakasleak dira, eta % 17 Estatuko Administrazio Orokorreko zenbait kidegotakoak.
Espainian mutualisten osasun laguntzarako kontratazioaren zenbateko osoa 4.478 milioi eurokoa da, indarrean dagoen ituna baino 957 milioi euro gehiago. Urteko kostua 1.303 milioi eurokoa izango da 2025ean, 1.490 milioi eurokoa 2026an, eta 1.685 milioi eurokoa 2027an. Guztira, 4.478 milioi euro, beraz, %33,5eko igoera izango du primak hiru urtean.
Zuzkidura horrekin, primak % 19,37 egingo du gora 2025ean; % 7,25 2026an, eta % 4,32 2027an; hiru urtean % 33,5eko igoera metatua izango du. Mutualista bakoitzeko urteko batez besteko prima 1.032,12 eurotik 1.262,28 eurora igoko da 2027an.
Kanpoko osasun laguntzarako itunari dagokionez, aurrekontua 77,7 milioi eurokoa da.
Prozesu gardenagoa
Oraingo honetan, lizitazioa egiteko prozesuaren gardentasuna handitu da, aldez aurreko merkatu-kontsultak deituz, aseguru-etxeek prezioak nola finkatzen dituzten justifika zezaten.
Haien ekarpenei erreparatuz, berrikuntza bat gehitu zaio hitzarmenari, prima kalkulatzeko formula aldatuz. Orain, adin-tarteen arabera, prima lineala izatetik inkrementala izatera pasatzen da, eta, horrela, gehiago ordaintzen da adin-talde zaharrenei aseguratzeagatik, eta gutxiago gazteenei aseguratzeagatik.
Itun berria adjudikatzen den arte, mutualistek bermatuta izango dute osasun-laguntza gaur egungo baldintzetan, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen 288 a) artikuluan aurreikusten den zerbitzuen jarraitutasun-ordenaren mekanismoaren arabera.