2024ko uztailaren 26an.- Gobernu Irekirako Aliantzaren IX. Goi-bilera Globalaren (OGP) egoitza izango da Vitoria-Gasteiz. Datorren urteko udazkenean egingo da bilera, eta gizarte zibileko, gobernuetako eta mundu osoko liderren ordezkariek parte hartuko dute, Pedro Sánchez Gobernuko presidenteak iragarri zuenez. Diputatuen Kongresuan egindako ezohiko osoko bilkuran egin zuen agerraldia, Demokrazia Planaren ildo nagusiak azaltzeko eta Europako Kontseiluak ekainaren 17an hartutako erabakiak azaltzeko. Goi-bilera hori administrazio publikoen eta gizarte zibilaren ordezkarien arteko nazioarteko topaketa nagusia da, gobernu irekiko gaiak aztertzeko.
Clara Mapelli Funtzio Publikoko Estatu idazkaria Gasteizko Udaleko ordezkariekin bildu da ostiral honetan, ekitaldia antolatzen hasteko.
2024ko urriaren 1etik 2025eko irailaren 30era arte, Espainiak Gobernu Irekirako Aliantzaren Zuzendaritza Batzordea gidatuko du, Cielo Magno gizarte zibileko ordezkariarekin batera (Bantay Kita Filipinetako erakundeen koaliziokoa da). Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikorako ministro José Luis Escrivák, Magnorekin batera, kopresidentetza horren gai nagusiak jorratzeko aukera izan zuen, joan den ekainean Administrazio Irekiaren Astea dela-eta egindako ekitaldietako batean.
Aliantza hori 2011n sortu zen, gobernu-liderren eta gizarte zibilaren defendatzaileen ekimen global gisa, Barack Obama Estatu Batuetako presidente ohiak bultzatuta, gobernantza gardena, parte-hartzailea, inklusiboa eta arduratsua sustatzeko helburuarekin. 75 herrialde eta 104 tokiko gobernu barne hartzen ditu, bi mila milioi pertsona baino gehiago ordezkatzen dituztenak, eta gizarte zibileko milaka erakunde. Bi urtean behin, komiteko kide bakoitzak gizarte zibilarekin batera sortutako ekintza-plan bat aurkezten du, gardentasuna, kontuak ematea eta gobernuan parte-hartze publikoa hobetzeko konpromiso zehatzak deskribatzen dituena. Espainia OGPko kide da nazio mailan, sortu zen urtetik.
Gobernu Irekirako Aliantzak gobernuen, gizarte zibilaren eta herritarren arteko lankidetza bilatzen du, mundu mailako metodologia berritzaileen trukearen bidez, Gobernu Irekirako konpromiso, ekimen eta jarduera zehatz eta neurgarrien inplementazioan, ekintza-planen bidez. Espainiak dagoeneko lau ekintza-plan aurkeztu ditu, eta bosgarren plana egiteko prozesuan dago; aurtengo abenduan aurkeztuko du.
Horretarako, 2024ko martxoan kontsulta publiko bat egin zen, eta 80 ekarpen jaso ziren, 411 proposamenekin, hau da, aurreko planeko kontsultan jasotakoen kopurua halako 2,5. Maiatzean eta ekainean eztabaida-tailerrak egin ziren, AAPP-Gizarte Zibilaren parte-hartze paritarioarekin, eta hamar dira administrazioek konpromiso gisa proposatutako ardatzak: herritarren parte-hartzea, gardentasuna eta informaziorako sarbidea, osotasuna eta kontuak ematea, espazio zibikoa, administrazio irekia, gobernantza digitala, zerga-irekiera, egiazko informaziorako eskubidea, Gobernu Irekiaren sustapena eta Estatu Irekia.