Esperientzia Incibe eta CyberCamp bezalako proiektuekin zibersegurtasunak duen garrantzia azpimarratu du Escrivá ministroak Albaceten
Lehenik eta behin, PassVRord esperientzia inauguratu du INCIBEk Carlos Belmonte futbol estadioko parkingean zabaldu duen karpan. Proiektu hori #Experience INCIBE ekimenen parte da. Ekimen horiek ekitaldi ibiltariak izango dira, eta, hiru urtez, Espainia osoan barrena ibiliko dira zibersegurtasuna herritar guztien artean sentsibilizatzeko, kontzientziatzeko, hezteko, sustatzeko eta hedatzeko. Albaceten martxoaren 20ra arte egongo den karpan, errealitate birtualaren teknologia erabiltzen da bisitarien zibersegurtasunari buruzko ezagutzak eta gaitasunak erakusteko eta probatzeko, jardueren eta jokoen bidez.
Ministroak adierazi duenez, “INCIBEren ekimena oso jarduera garrantzitsua eta berritzailea da, ondo diseinatua eta modernoa, eta mota guztietako kolektiboekin (familiak, gazteak, enpresak, hezitzaileak, etab.) lan egiteko aukera emango du, zibersegurtasunak eta digitalizazioak dakartzan arriskuez kontzientziatzeko jarduera ludiko ugariren bidez”. Jarduera hori Albaceten abiatuko da, eta 300.000 pertsonarengana iritsiko da datozen hiru urteetan.
Ondoren, Escrivá ministroa Gaztela-Mantxako Unibertsitateak Albaceten duen campusera joan da, eta bertan CyberCamp akordioa aurkeztu dute hezkuntza erakunde honekin. Jarduerak eta ekitaldiak antolatuz gizartearen zibersegurtasunaren kultura, kontzientziazioa eta gaitasunak garatzera bideratutako ekimena da CyberCamp, eta dagoeneko hitzarmenak ditu herrialde osoko beste 11 unibertsitaterekin. Gaur aurkeztutako akordioaren bidez, tailerrak, mintegiak, hitzaldiak eta jardunaldiak egingo dira, beste hezkuntza eta dibulgazio jarduera batzuen artean, Albaceten, Almadenen, Ciudad Realen, Cuencan, Talaveran eta Toledon.
“Alde batetik, teknologia berriek aparteko aukerak eskaintzen dizkigute konektagarritasunean edo produktibitatean, eta aprobetxatu egin behar dira; baina, aldi berean, arriskuak eta mehatxuak dituzte, eta horien aurka babestu behar dugu geure burua, jakinaren gainean, sakon eta zorrotz. Horretarako, erabiltzaileek espezialisten laguntza behar dugu, eta hori da INCIBEk eta Gaztela-Mantxako Unibertsitateak CyberCamp-ekin emango digutena”, esan du Escrivák akordioaren aurkezpenean egindako hitzaldian.
Ikusi prentsa-oharra [PDF] [269.55 kB]