Espainia estatuan eta Europan ari da lanean, COVID-19aren aurrean kutsatzeak prebenitzeko aplikazioen elkarreragingarritasuna lortzeko
2020ko maiatzaren 6a. Espainia lanean ari da Espainian eta Europan COVID-19aren aurrean kutsatzeak prebenitzeko aplikazioen elkarreragingarritasuna lortzeko, normaltasun berrirako trantsizioan laguntze aldera.
Hala jakinarazi zen atzo Telekomunikazioetako ministroen Kontseilu Europarraren bilera informalean, osasun-larrialdiak sektore digitalean eta telekomunikazioetan dituen ondorioei buruz hitz egiteko.
Nadia Calviño Gobernuko hirugarren presidenteorde eta Ekonomia Gaietako eta Transformazio Digitaleko ministroak, Carme Artigas Digitalizazioko eta Adimen Artifizialeko estatu-idazkariarekin eta Roberto Sánchez Telekomunikazio eta Azpiegitura Digitaletako ministroarekin batera, topaketa horretan parte hartu zuten, teknologiak pandemiaren kudeaketan eta ondoren Europa mailan suspertzen laguntzeko eskaintzen dituen aukerak aprobetxatzea ahalbidetuko duen europar posizio komun bat bilatzeko.
Soluzio digital horien artean, kutsatzeak prebenitzeko aplikazioetan jarri zen arreta. Ildo horretan, Espainiak azpimarratu zuen garrantzitsua dela aplikazio horietarako Europa mailako ikuspegi koordinatua aurkitzea, elkarreragingarritasuna bermatzeko eta osasun-larrialdiari irtenbide bateratua emateko.
Horrez gain, pandemiaren kudeaketan laguntzeko ekonomia digitalak eskaintzen duen potentziala baliatzeko beharra adierazi zuten, eta beharrezkoa da berrikuntza horietatik eratorritako onuren eta pribatutasunaren, segurtasunaren eta kontu etikoen arteko oreka aurkitzea.
Espainiako lantaldea
Kutsatzeak prebenitzeko aplikazio mugikorrei buruzko lantalde nazionalaren lehen bilera ere egin zen atzo, nagusiki elkarreragingarritasun-protokoloei buruzkoa.
Carme Artigas Digitalizazio eta Adimen Artifizialeko Estatu idazkariak autonomiekin partekatu zuen Espainiak Europa mailan duen jarrera, baita Europako Batzordea tresna digital horien inguruan prestatzen ari den aurrerapausoak ere.
Helburua da ahaleginak batzea eta aplikazio horien garapenaren eta haien elkarreragingarritasunaren inguruan dauden aukerei buruzko ikuspuntuak partekatzea, lurraldeen beharren araberako erantzun koordinatuak bilatuz.
Lehen bilera horretan, dauden ereduak, erronkak eta aukerak aztertu dira, baita ezartzen den ereduak herritarren eta osasun-agintarien beharrei erantzuteko beharrezkoak diren gai teknologikoak eta epidemiologikoak ere. Hori dela eta, funtzionaltasunari, pribatutasunari eta interoperabilitateari buruzko lantalde espezifikoak sortzea adostu da.
Kutsatzeak prebenitzeko tresna digitalei dagokienez, Espainiak duen jarrera bat dator Europako Batzordeak eta Datuak Babesteko Europako Batzordeak dutenarekin; izan ere, horiek borondatezko erabilera-eredu bat ezartzearen alde egiten dute, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrarekin bateragarria, pertsonen pribatutasuna babestea ardatz duena, eta mugaz gaindikoa.
Digitalizazioaren, transformazio digitalaren edo berrikuntza-politiken arloko autonomia-erkidego guztietako ordezkariek garapen autonomikoak partekatu dituzte, bai eta tresna teknologiko horiek normaltasun berrirako trantsizio-prozesuan sartzeko beharrari buruz duten ikuspegia ere.
Deseskalatze-prozesurako tresna
Kutsatzeak prebenitzeko aplikazioak deseskalatze-prozesurako osasun-neurrien tresna erabilgarri eta osagarri bihur daitezke.
Gailu mugikorretan aplikazio bat instalatzean datza funtzionamendua. Aplikazio horrek, Bluetooth-aren bidez, aldizka aldatzen diren identifikatzaile anonimoak emititzen eta ikusten ditu. Bi mugikor denbora jakin batean gertu egon direnean, biek gordetzen dute besteak igorritako identifikatzaile anonimoa eta, erabiltzaile batek COVID-19 testean positibo ematen badu, harremanetan egon diren mugikorrak ohartaraztea posible da, betiere norbanakoen pribatutasuna zainduz.
Europa mailan kontsideratzen ari diren sistema digital hauek gailu mugikorren Bluetooth-a erabiltzen dute, datu pertsonalik erabili gabe eta herritarren pribatutasuna errespetatuz.
Hala, kutsatzeak prebenitzeko tresna digital bat izatea posible da, esku-ekintzak osatzeko eta normaltasun berrirako trantsizioan laguntzeko.
Tresna horiek hartzea osasun agintarien erabakiaren araberakoa izango da, datozen asteetan plazaratu daitezkeen proiektu pilotuen emaitzetan oinarrituta.