Espainiak bat egin du Europako Batzordeak esparru digitalean genero-berdintasuna bultzatzeko abiarazitako ekimenarekin

08/04/2019
Albistearen irudia
  • Digital Day ospakizunaren esparruan, estatu kideek berretsi egin dute erakundeekin, enpresekin eta gizarte zibilarekin batera lan egiteko konpromisoa, ekonomiaren eta teknologia digitalaren alorretan emakumeen berdintasuna eta parte-hartzea areagotzeko.
  • Espainiak genero-berdintasuna sustatzeko eta ekonomian eta gizarte digitalean emakumeen presentzia areagotzeko Europako Batzordeak bultzatutako adierazpena sinatu du.

    Espainiak genero-berdintasuna sustatzeko eta ekonomian eta gizarte digitalean emakumeen presentzia areagotzeko Europako Batzordeak bultzatutako adierazpena sinatu du.

    “Digital Day” ospakizuna dela eta, estatu kideek politikak martxan jartzeko eta erakundeekin, enpresekin eta gizarte zibilarekin batera lan egiteko konpromisoa berretsi dute, eremu digitaletan, zientzian eta teknologian emakumeen presentzia bultzatzeko.

    IKTko enpleguen % 15 emakumezkoek betetzen dituzte

    Gaur egun, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiekin (IKT) lotutako enpleguen % 15 baino ez dira emakumezkoak. Arrakala horrek ekonomia digitalaren maila guztiei eragiten die. Arrazoiak askotarikoak dira, eta nagusien artean genero-aurreiritziak eta tradizioz genero bati eta besteari esleitutako rolak daude.

    Jarduera-arlo horietan aurrera egiteko eta emakumeek parte-hartze handiagoa izan dezaten lortzeko, Estatu kideek sektore arteko estrategia nazionala aldarrikatzeko konpromisoa hartzen dute, mundu digitalean genero-berdintasuna areagotzera bideratua, hezkuntzan eta kualifikazioan arreta berezia jarrita, lan-ingurune onuragarria eta aukera-berdintasuna bermatuz.

    Halaber, komunikabideekin elkarlanean lan egingo da, ingurune digitalean emakumeen irudi positiboa transmititzeko, estereotipoei aurre egiteko. “IKTetako Neskatoen eta Emakumeen Eguna” ezarriko da Europa osoan, zientziarekin, teknologiarekin, ingeniaritzarekin eta matematikarekin (STEM) lotutako lanbideen ikusgarritasuna eta ezagutza handitzeko eta neskatoen eta emakumeen artean horiek ikastea bultzatzeko.

    Konpromiso hauek ere sinatu dira, besteak beste: diskriminaziorik gabeko lan-kultura sustatzea eta bultzatzea, gizonen eta emakumeen osaera orekatua izatea Espainiako eta Europako erakundeetan, gai digitalez arduratzen diren batzordeak eta batzarrak, ahal den guztietan, eta emakumeek ekonomia digitalean duten parte-hartze errealaren eboluzioaren etengabeko segimendua egitea.

    Jarduera horren ildotik, Ekonomia eta Enpresa Ministerioak berriki argitaratu du Emakumeen Liburu Zuria arlo teknologikoan. Liburu horren helburua da sektore horretan gizonen eta emakumeen artean dagoen hutsunea ikusaraztea eta aztertzea, botere publikoek gida gisa erabil dezaten ezberdintasunei aurre egiteko neurri eraginkorrak proposatzeko garaian.