Ekonomia eta Enpresa ministroak S.M. Erregea eta Gobernuko presidentea Mobile World Congressen inaugurazioan
Nadia Calviño Ekonomia eta Enpresa ministroa Espainiako Erregearekin eta Pedro Sanchez Gobernuko presidentearekin batera izan da Bartzelonan Mobile World Congress (MWC) kongresuaren inaugurazioan. Sektore teknologikoan mundu mailan erreferentea den topaketa horrek 200 herrialdetako 2.400 enpresa bilduko ditu ostegunera arte, horietako 189 Espainiakoak.
Felipe VI.a Erregeari Mobile kongresuaren edizio honetako berrikuntza nagusien berri eman diote. Ekitaldi horrek 5G teknologia, gauzen Internet edo adimen artifiziala ezartzea du ardatz. Ekitaldi horretan izan dira, baita ere, Meritxell Batet Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko ministroa, Pedro Duque Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate ministroa eta beste hainbat agintari autonomiko eta udal agintari.
Inaugurazioaren ondoren, hainbat pabiloi bisitatu dituzte, besteak beste, Espainiakoa, Red.es erakundeak antolatuta. Erakunde hori Ekonomia eta Enpresa Ministerioaren mende dago, Aurrerapen Digitalerako Estatu Idazkaritzaren bidez. Bertan, Espainiako 56 enpresa kokatu dira, bi helbururekin: alde batetik, mugikorren industriari lotutako proiektu nazionalik onenak erakustea, eta, bestetik, hautatutako enpresei nazioartekotzea bultzatzeko, produktu berriak aurkezteko, inbertitzaileak bilatzeko edo bezeroen zorroa handitzeko espazioak eskaintzea.
Espainiako Pabiloira egindako bisitan, bertatik bertara ezagutu ahal izan dira entzumen galera duten pertsonentzako teknologia sortzeko ekimenak edo edozein gailutatik ateratako argazki edo bideoetatik abiatuta 3D ereduak sortzeko aukera ematen duen web plataforma bat garatzeko ekimenak. Don Felipe erregeari Espainiako azpiegitura teknologikoen garapenaren egoeraren berri eman diote, Europan zuntz optikoaren ezarpenean aitzindari izan baita.
Humanismoa iraultza digitalean
Mobile World Congressen barruan, Digital Future Society foroa egin da Bartzelonan, iraultza digitalari ikuspegi humanistatik heltzeko. Ekonomia eta Enpresa Ministerioaren laguntzarekin antolatuta, Nadia Calviño ministroak hitzaldia eman zuen igandean, eta gizarte digital inklusiboa aldarrikatu zuen, herritar bakar bat ere atzean utzi ez zuena eta haren eskubideak bermatzen dituena.