Espainiako Agenda Digitalerako Aditu Taldearen gomendioak jaso ditu Industria, Energia eta Turismo Ministerioak
Goi Mailako Aditu Taldeak Espainiako Agenda Digitala egiteko gomendioak biltzen dituen txostena entregatu dio gaur Industria, Energia eta Turismo Ministerioari, Víctor Calvo Sotelo Telekomunikazioen eta Informazio Gizartearen Estatuko idazkariaren bitartez.
IKT (Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak) sektoreko aditu kualifikatuek osatzen dute talde hori, eta, joan den martxoaren 22an eratu zenetik, Espainiako gizarteak une honetan aurrean dituen erronka handiei teknologia berriek egiten dieten ekarpenari buruzko hausnarketa estrategikoaren txostena lantzen aritu da.
Haren lana Industria, Energia eta Turismo Ministerioak sustatutako kontsulta-prozesu zabalaren barruan kokatzen da, Agenda egiteko prozesuan Espainiako gizarte osoak parte har dezan.
Taldeak agerian utzi du IKTek suspertze ekonomikorako duten garrantzia, bai eta Ministerioak Espainiarako proposatzen duen Agenda Digitalaren balioa ere, “funtsezko tresna baita enpleguaren sorrera sustatzeko –bereziki, gazteen kasuan–, bai Espainiako ETEen (Enpresa Txiki eta Ertainak) lehiakortasuna eta nazioartekotzea areagotzeko, bai eta zerbitzu publikoen kalitatea eta eraginkortasuna handitzeko ere”.
Txostenak aldaketaren faktore nagusiak identifikatzen ditu, “Espainiako administrazioaren eta enpresen eraldaketa sakona lortzeko, Interneten gero eta zentratuago dagoen eredu ekonomiko eta sozial berri baterantz”, baieztatuz “sektore bakar bat ere ezingo dela geratu eraldaketa horretatik kanpo”.
Espainiako Agenda Digitalerako goi-mailako aditu taldearen gomendioen txostena [PDF] [2,79MB]