- Astearte honetan, Espainiako Gobernuaren Segurtasun eta Defentsarako Plan Industrial eta Teknologikoaren barruan, arlo horretako neurri-sorta berri bat onartu ostean egin da bilera.
- Segurtasun digitala indartzera bideratutako finantzaketaren zatirik handiena Espainiako enpresentzat izango dela aurreikusi du Exekutiboak
Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikorako ministro Óscar López zibersegurtasunari lotutako Espainiako enpresa nagusiekin bildu da gaur, arlo horretan sektorearekin lankidetza sustatzeko asmoz. “Gure helburua argia da, ez bakarrik gure lurralde digitala babestea, baizik eta Europako eta munduko zibersegurtasunaren abangoardian dagoen eragile estrategiko gisa finkatzea. Horretarako, lankidetza publiko-pribatua ezinbestekoa izango da”.
Hitzordu horrek jarraipena ematen dio Pedro Sanchez Gobernuko presidenteak joan den martxoaren 31n sektorearekin izan zuenari, eta Segurtasun eta Defentsarako Plan Industrial eta Teknologikoa onartu berritan dator. Gogoratu behar da estrategia horrek ia 10.500 milioi euroko inbertsioa duela, eta horietatik % 31 telekomunikazio- eta zibersegurtasun-gaitasun berriak fabrikatzera eta eskuratzera bideratuak daudela.
Ekimen horren barruan, Oscar Lopezek gogora ekarri du Gobernuak astearte honetan onartu duen zibersegurtasun neurri sorta berria, Espainiako Gobernuaren 2022ko Zibersegurtasun Plana eguneratzen duena. “1.100 milioi eurotik gorako inbertsioa, funtsezko gaitasunak zabaltzeko, proiektu estrategikoak bizkortzeko eta sektore pribatuarekin lankidetza indartzeko aukera emango duena”, gaineratu du.
Gainera, Espainiak arlo horretan duen jarrera ona nabarmendu du ministroak, Europar Batasuneko batez bestekoaren gainetik eta zentro espezializatu gehien dituen munduko bigarren herrialdea baita, eta egungo egoerak eskaintzen dituen aukerak aprobetxatu beharra azpimarratu du. “Helburua bikoitza da, gure segurtasun eta defentsa gaitasunak indartzea eta, aldi berean, industria nazionala, talentuaren sorrera eta erabilera bikoitzeko teknologien garapena bultzatzea, arlo zibilean zein militarrean aplikatu beharrekoak”.
Halaber, Óscar Lópezek Espainiako sektorearen sendotasuna aitortu du, eta berretsi du zibersegurtasunera bideratutako inbertsioaren gehiengoa herrialdeko enpresei zuzenduta egongo dela; “industria nazional berritzaile eta konprometitua behar dugu, erakundeekin batera lan egingo duena Espainia herrialde seguruagoa eta erresilienteagoa izan dadin”, amaitu du.
Ministerioaren egoitzan egin duten bileran, Antonio Hermando Telekomunikazioen eta Azpiegitura Digitalen Estatu idazkaria izan du ondoan titularrak. CounterCraft, Evolutio, Indra, Innovasur, Nunsys, S2Grupo, SIRT, Telefónica, TRC eta Sofistic enpresetako ordezkariak izan dira bileran.