Joan den urriaren 7an, Gobernuak Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Plana aurkeztu zuen, Espainiako ekonomiaren modernizazioa, hazkunde ekonomikoaren suspertzea eta enpleguaren sorrera bideratzen dituen herri-proiektu gisa ulertuta, COVIDaren krisiaren osteko berreraikitze sendo, inklusibo eta erresilientea, datorren hamarkadako erronkei erantzuna emanez. Berreskuratze Funts berria Next Generation EU aurrekaririk gabeko inbertsio-bolumena mobilizatzeko aukera emango dio Espainiari. Izan ere, Europako Kontseiluaren akordioak 140.000 milioi eurorainoko finantzaketa aurreikusten du transferentzietan eta kredituetan datozen sei urteetan, 2019ko BPGaren %11.
Hain baliabide kopuru handia mobilizatzeak aparteko aukera ematen dio gure herrialdeari, 80ko hamarkadan Europako Erkidegoetan sartu zenetik edo 90eko hamarkadaren erdian Europako Kohesio Funtsa sortu zenetik gertatu diren eraldaketa ekonomikoko prozesuekin aldera daitekeena. Krisialdia gainditzea eta enplegua berreskuratzea ahalbidetzeaz gain, gure ekonomiaren modernizazioa erraztuko du, susperraldi hori berdea, digitala, inklusiboa eta soziala izan dadin. Egiturazko eraldaketa eta erreformak jarriko dira martxan, klimaren aldetik neutroak, jasangarriak, zirkularrak, ingurune naturalak ezarritako mugak errespetatzen dituztenak eta baliabideak modu eraginkorrean erabiltzen dituztenak izango diren ekonomia eta gizarterantz trantsizioa egiteko.
2020ko uztailaren 23an Gobernuko presidenteak “Espainia Digitala 2025” estrategia aurkeztu zuen. Estrategia horren barruan, eta haren garrantzi teknologikoaz zein hura garatu eta abian jartzeak gizartean duen inpaktuaz jabetuta, adimen artifiziala sartu zen bederatzigarren ardatzean funtsezko teknologia gisa.
Hortik eratorria, Gobernuak Adimen Artifizialaren Estrategia Nazionala aurkeztu zuen 2020ko abenduaren 2an, garapen hori bultzatzeko, eta, hala, adimen artifizialean bikaintasuneko ekosistema bat sortzeko oinarriak finkatzeko. Ekosistema horrek ikerketa zientifikoa eta berrikuntza, gaitasunen eta talentuaren garapena, datu-plataformen eta azpiegitura teknologikoen hedapena, sare ekonomikoan integratzea, sektore publikoan haien erabilera sustatzea eta esparru etiko eta arauemaile bat ezartzea hartuko ditu bere baitan.
Dokumentu horrek premisa batzuk ezartzen ditu enpresek eta erakundeek beren interes-adierazpenak Ekonomia Gaietako eta Transformazio Digitaleko Ministerioari helaraz diezazkioten, hark ebalua dezan zer behar mota dauden IA balio-kateetan integratzeko, eta, hala, sare ekonomikoa eraldatu ahal izateko.
Interes-adierazpen horretan parte hartzen duten erakundeek baldintza hauek hartu beharko dituzte kontuan:
- Interesa adierazten duen proposamen motak 6., 7., 8. eta 9. mailako heldutasun teknologikoko mailen barruan egon beharko du. Heldutasun teknologikoaren maila edo TRL kontzeptua ingelesezko siglen bidez (Technological Maturity Level) azaltzen duen bibliografia ugari dago. Adibide gisa, esteka hau eskaintzen da: https://ec.europa.eu/info/funding-tenders/opportunities/portal/screen/support/faq/2890.
- Ez da muga ekonomikorik finkatu aurkeztutako proposamenen zenbatekoari dagokionez.
- Era guztietako eragile pribatu eta publikoek aurkeztu ditzakete interes-adierazpenak, tamaina guztietako enpresak kontuan hartuta. Interes-adierazpen horiek beren merkataritza-jarduerari adimen artifiziala eranstea aurreikusten duten erakundeei dagozkie; erakunde horiek sektore teknologikoarekin zerikusia izan dezakete edo beste edozein sektoretakoak izan daitezke.
- Proposamenak eragile bakoitzak aurkeztuko ditu, banaka eta modu anonimoan.
Interes-adierazpen horien bidez bildutako informazioaren helburu bakarra da ildo estrategikoak definitzen laguntzea eta Estatu Idazkaritza horren ekintza gidatzea lehen aipatutako funts europarren kargurako planak gauzatzean. Interes-adierazpen hori ez da egiten deitutako kontratazio-prozedura baten edo diru-laguntza baten esparruan, ez eta deialdia egiteagatik ere, eta ez du sortzen Ekonomia Gaietako eta Transformazio Digitaleko Ministerioaren aldetik finantzaketarako lehentasunezko eskubiderik, ez eta konpromisorik ere.
Dokumentu honi lotutako interes-adierazpenak jasotzeko epea amaitzen denean, aurkeztutako proposamenak aztertuko dira, eta, ondoren, lankidetza publiko-pribatuko tresna egokienak artikulatuko dira. Nolanahi ere, diseinatzen diren lankidetza publiko-pribatuko tresnek Europar Batasunaren Estatu-laguntzei buruzko esparru juridikoa errespetatuko dute.
Interes-adierazpenik ez aurkezteak edo kontsultari ez erantzuteak ez du mugatuko proposamenak aurkezteko aukera etorkizuneko deialdi batean.
Interes-adierazpen horren osteko deialdiak publizitate-, konkurrentzia-, gardentasun- eta diskriminaziorik ezaren irizpideen mende egongo dira beti.