2022/2481 (EB) Erabakiak, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2022ko abenduaren 14an elkarrekin onartutakoak, 2030erako Hamarkada Digitalaren programa estrategikoa ezartzen du. Erabaki horren arabera, zehatz lerrokatzen dira Europar Batasunak eta estatu kideek 2030erako lortu nahi dituzten helburu orokorrak eta xede digitalak.
Hamarkada Digitalaren helburu orokorrek bideratzen dute Europar Batasunaren garapen-eredua. Eredu horrek pertsonak jartzen ditu berrikuntza teknologikoaren erdigunean, Batasunaren autonomia estrategikoa eta burujabetza digitala indartzen ditu, eta trantsizio berdeari laguntzen dio. Helburu orokor horiek gidatu behar dituzte estatu kideek digitalizazioaren alorrean hurrengo hamarkadan egingo dituzten ekintzak, hiru alderdi handitan sailkatuz:
- Herritartasun digitala: eskubideak errespetatzen dituen ingurune digitala sustatzea, gizarte- eta lurralde-arrakalak ixtea eta pertsona guztiek bizitza demokratikoaren ildoan parte har dezaketela eta zerbitzu publikoak eskura ditzaketela bermatzea.
- Lidergoa eta subiranotasuna sustatzea – azpiegitura eta teknologia digital aurreratuak garatzea, Europako industria digitala bultzatzea eta autonomia estrategikoa bermatzeko zibersegurtasuna sustatzea barne.
- Trantsizio ekologikorako ekarpena – honetan sartzen dira energiari dagokionez jasangarriak eta eraginkorrak diren azpiegitura eta teknologia digitalen sustapena eta trantsizio berdeari laguntzeko teknologia digitalen erabilera.
Horretaz gain, Hamarkada Digitalaren programa estrategikoak Batasunaren 2030erako asmo digitalak helburu digital zehatz eta neurgarri bihurtzen ditu, lau arlo nagusitan banatuta:
- Digitalki gaitutako biztanleria eta kualifikazio handiko profesional digitalak
- Azpiegitura digital seguruak, erresilienteak, eraginkorrak eta iraunkorrak
- Enpresen eraldaketa digitala
- Zerbitzu publikoen digitalizazioa
Erabakiaren arabera, estatu kide bakoitzak Ibilbide Orri bat aurkeztu behar dio Batzordeari, 2030era arte Europako xede eta helburu digitalak lortzeko aplikatu nahi dituen neurriak, politikak eta ekintzak azaltzeko.