Telekomunikazioei buruzko ekainaren 28ko 11/2022 Lege Orokorraren (aurrerantzean, LGTel) bigarren xedapen iragankorrak, jabari publiko erradioelektrikoaren erabilera gaitzen duten tituluak egokitzeari buruzkoak, hau ezartzen du bigarren apartatuan:
“2. Jabari publiko erradioelektrikoa modu pribatiboan erabiltzeko titulu gaitzaileek, baldin eta lizitazio-prozeduren bidez eman badira eta horien egilespenak kopuru-muga izaten jarraitzen badu, gehienez ere berrogei urtez luzatu ahalko dute haien iraupena, luzapenak eta aldaketak barne; nolanahi ere, epearen luzapena ezingo da izan titulu gaitzailearen egungo iraupena baino hamar urte luzeagoa, luzapenak eta aldaketak barne. Halaber, titulu gaitzaile horiek berritu ahal izango dira, 94.7 artikuluan adierazitako baldintzetan.
Iraupen-epeetan eta aipatutako titulu gaitzaileen balizko berrikuntzan egin beharreko egokitzapen hori Ekonomia Gaietako eta Transformazio Digitaleko ministroaren agindu bidez onartuko da, eta bertan kontuan hartuko dira maiztasun-banda bakoitzaren eta titulu gaitzaile bakoitzaren inguruabar bereziak, aldaketak barne, titulu gaitzailearen titularrak aurrez eskatuta. Eskaera hori lege hau indarrean jarri eta bi hilabeteko epean aurkeztu beharko da.
Ministro-agindua izapidetzean, entzunaldi-izapidea egingo da titular eskatzailearekin, eta alderdi interesdun guztiei aukera emango zaie beren ikuspuntua adierazteko, kontsulta-prozedura publiko baten bidez, hamargarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera. Era berean, Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalaren aldez aurreko txostena eta Estatuko Abokatutzaren txostena eskatuko dira”.
Telefónica Móviles España, S.A.U. sozietateak ; Vodafone España SAU ; Orange Espagne SAU. eta Xfera Móviles, S.A.k, jabari publiko erradioelektrikoaren erabilera pribatiborako titulu gaitzaileen titular gisa eta kopuru-mugarekin, titulu gaitzaile horien iraupen-epea luzatzeko eskatu dute, LGTel legea indarrean sartu eta bi hilabeteko epean.