Ekonomia eta Enpresa Ministerioak 5G lizentzien lehen enkantea hasi du
Ekonomia eta Enpresa Ministerioak datorren astean hasiko du Espainian 5G zerbitzuak emateko espektro erradioelektrikoa erabiltzeko lizentzien lehen enkantea. Horixe da 5G sistema garatzeko behar diren sareak hedatzeko lehen urratsa. Sistema horri esker, teknologia berri hori bultzatzeko herrialde aurreratuenen artean egongo da Espainia.
5G teknologia ez da komunikazio mugikorren paradigma berria bakarrik, eraldaketa digitalaren funtsezko osagai teknologikoa ere izango da. Haren hedapenari esker, Gauzen Internet, big data, robotika eta errealitate birtuala garatu ahal izango dira, eta zeharkako eragina izango du gizartean eta ekonomian hurrengo hamarkadan. Inbertsioa erakartzeko katalizatzailea izango da, eta hazkunde inklusiboaren palanka, arrakala digitala txikitzen lagunduko baitu.
Enkantearen ezaugarriak eta garapena
Enkantean guztira 200 MHz lizitatuko dira 3,6-3,8 GHz-ko maiztasun-bandan, eta parte hartzeko eskaera aurkeztu duten eta onartuak izan diren telefonia mugikorreko Espainiako merkatuko lau operadore nagusiek hartuko dute parte: Mas Movil, Movistar, Orange eta Vodafone.
200 MHz-ak 5 MHz-eko 40 bloketan banatzen dira, guztiak ere estatu mailakoak. Bloke bakoitzaren irteera prezioa 2,5 milioi eurotan finkatu dute, guztira 100 milioi euro lehiatuko diren 200 MHz-entzat. Emakidek 20 urteko iraupena izango dute.
Enkantean parte hartzen duten operadoreek operadore berak 3,4-3,8 GHz bandan izan dezakeen maiztasun-muga (120 MHz-koa) errespetatu beharko dute.
Lizitazioa bitarteko elektronikoen bidez egingo da, txanda anitzeko aldibereko enkante-mekanismo gorakor baten bidez. Lizitatzaileek txandak irauten duen bitartean egin beharko dituzte eskaintzak. Erronda batean eskaintza berririk jasotzen ez dutenean amaituko da prozesua.
Enkantea Mahaiak programatutako errondetan egingo da, 10: 00etatik 18: 00etara, astelehenetik ostiralera. Txandak 30 minutukoak izango dira gehienez, eta hasi baino 15 minutu lehenago programatuko dira, gutxienez.
Orain hasiko den enkantea 2018-2020ko 5G Plan Nazionalaren barruan dago. Orain hasiko den prozesuarekin, osatu egingo dira 2018ko maiatzaren 26an Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuz deitutako espektro erradioelektrikoko lizitazioak. Operadoreek ekainaren 29ra arteko epea izan zuten eskaerak aurkezteko.
3,4-3,8 GHz (3400-3800 MHz) banda Europan 5Gn oinarritutako zerbitzuak sartzeko banda nagusi gisa identifikatu da. Hori dela eta, 5G Plan Nazionalak 3,6-3,8 GHz (3600-3800 MHz) bandako 200 MHz lizitatzea aurreikusten du, lehentasunez.