Gobernuak langabeziari laguntzeko Europako mekanismoa (SURE) martxan jartzeko beharrezko diren abal nazionalak baimentzen ditu.
2020ko maiatzaren 26an. Ministroen Kontseiluak baimena eman du Espainiak Europako Batzordeak sortutako Larrialdi batean Langabezia Arriskuak Arintzeko Aldi Baterako Laguntza Tresna Europarrean (SURE) parte hartzeko beharrezkoak diren abalak emateko.
Tresna hori Europar Batasunak enpresa-sareari eta estatu kideen finantzaketari laguntzeko onartutako neurri eta programen multzoaren barruan dago, eta COVID-19aren ondorio ekonomiko eta sozialak arintzeko abian jarritako neurri nazionalen osagarria da.
SUREk enplegua babesteko aldi baterako eskemak finantzatzeko aukera ematen du, hala nola Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedienteak, eta langileak babestea eta langabeziaren eta diru-sarreren galeren eragina murriztea du helburu.
Estatu kideek tresna horri laguntzen diote, Europar Batasunak bere gain hartutako arriskuaren zati bat bermatuz abalak emanez.
Baimen hori COVID-19aren ondorioak arintzeko nekazaritzaren, zientziaren, ekonomiaren, enplegu eta Gizarte Segurantzaren eta zergen arloko neurri osagarriak hartzen dituen Errege Lege Dekretuaren barruan dago.
Luzamenduak
Onartutako arauan, hipoteka-maileguen eta hipoteka-bermerik gabekoen finantza-erakundeen elkarteek adostutako luzamenduak azkarrago emateko neurriak ere jasotzen dira. Finantza-erakundeek beren ordezkaritza-elkarteen bidez (AEB, CECA, ASNEF edo UNACC) ezartzen dituzten eta beren bezeroei eskaintzen dizkieten luzamendu sektorialek izapidetze arina izateko baldintzak aurreikusten dira, zordunaren babesa bermatuz.
Horrez gain, argitu da errentamendu finantzarioko kontratuetan ere (leasing) kuotak geroratu ahalko direla; kontratu mota hori oso ohikoa da autonomoen artean.
Hala, osasun-larrialdiaren testuinguruan maileguen kuotak atzeratzeak dakarren finantza-arintzeaz jende gehiago balia dadin errazten da.
Neurri hori bat dator Europako Banku Agintaritzak (EBA, ingelesezko siglen arabera) egindako gomendioekin, pandemiak eragindako inpaktu ekonomikoa mugatzeko ekimenak sustatzeko, eta, bereziki, geroratzeak eta luzamenduak hedatzeko, estatu kide bakoitzeko erakunde-elkarteek sustatutako akordioetatik abiatuta.
Halaber, Europako Banku Zentralak finantza-erakundeei gomendatu ondoren 2019ko eta 2020ko ekitaldietako dibidenduen banaketa mugatzeko, errege lege-dekretuak eten egiten du kreditu-erakunde batean kontrol-partaidetza duten banku-fundazioek erreserba-funtsa hornitzeko 2020an zuten betebeharra. Ondorioz, ordaintzeko dauden zuzkidurak 2021-2024ko aldira atzeratuko dira, eta ekitaldi bat luzatuko da ezarritako epea.
Azkenik, errege lege-dekretuaren arabera, BBOFko presidenteak karguan jarraituko du, ordezkoa izendatu arte.