Banda zabalaren estaldura herritarren % 94ra iritsi zen 2019an, eta landa-eremuekiko aldea murriztu egin zen, estaldura 32 puntu handitu baitzen.
2020ko maiatzaren 4an.- Ekonomia Gaietako eta Transformazio Digitaleko Ministerioak, Telekomunikazioetako eta Azpiegitura Digitaletako Estatu Idazkaritzaren bidez, “Banda zabalaren estaldura Espainian 2019an” txostena argitaratu du. Txosten horren arabera, bederatzi puntu portzentual igo da banda zabaleko sareen estaldura, aurreko urtearekin alderatuta, eta Espainiako biztanleriaren % 94ra iritsi da.
Igoera autonomia-erkidego guztietan gertatu da, baina bereziki nabarmena izan da 2018an sare horien populazio-estaldura txikiena zuten probintzietan, hala nola Zamoran, Lugon, Avilan edo Segovian, non ehuneko 30 puntu edo gehiagoko igoera izan duten, eta, hala, lurralde osoko banda zabalaren estaldura homogeneizatu egin da.
Ekonomia Gaietako eta Transformazio Digitaleko ministroa eta Gobernuko hirugarren presidenteordea, Nadia Calviño; ziurtatu duenez, “Jaurlaritzatik ahal diren neurri guztiak hartzen ari gara konektibitate azpiegiturak bultzatzeko, ezinbestekoak baitira landa eremuak lotzeko, herrialdea egituratzeko eta gizarteratzeko”.
Bestalde, banda zabal ultra azkarreko sareak (100 Mb/s) herritarren % 83,6ra iritsi ziren 2019an, aurreko urtean baino ehuneko hiru puntu gehiago.
Sarbide finkoko sareei dagokienez, hazkunde handieneko plataforma teknologikoa etxerainoko zuntz optikoarena da (FTTH), zeinak aukera ematen baitu datuak transmititzeko zerbitzuak 100 Mb / s-ko abiaduran emateko erabiltzaile guztiei, eta, puntualki, 1 Gb / s-ko abiaduran baino gehiagoan. 2019ko ekainean, Espainiako biztanleriaren % 80,4ra iristen zen zuntz optikoa; ehuneko hiru puntuko igoera, eta milioi erdi etxe gehiago 2018koarekin alderatuta.
Landa-eremuak
Landa-eremuetako eten digitalaren murrizketa ere aipatzen du txostenak: 30 Mb/s baino gehiagoko abiaduraren estaldura ehuneko 32 puntu hobetu da. 2019ko ekainean, populazioaren % 86,6ra iristen zen estaldura; gutxi gorabehera, zazpi milioi pertsona baino gehiago bizi dira 100 biztanle/km2 baino gutxiagoko populazio-dentsitatea duten udalerrietan, 2018an baino ia hiru milioi gehiago.
Landa-eremuetako estaldura 30 Mb / s baino gehiagoko abiaduran handitu da, Gobernuak bultzada handia eman ziolako 2018. urtearen amaieran operadoreei 30 Mb / s-ko estaldura edo gutxienez 5.000 biztanle baino gutxiagoko populazio-unitateetan bizi diren herritarren % 90etik gorako estaldura bermatzeko hartutako betebeharrak betetzeko.
100 Mb/s baino gehiagoko sare ultra azkarren estaldurari dagokionez, hamabi puntu portzentual igo dira landa-eremuetan, % 38tik % 49,8ra.
Belaunaldi berriko banda zabala hedatzeko plana
Era berean, txostenak estalduraren aurreikuspena jasotzen du, 2019ko ekaineko estaldurari gehituko baitzaio Belaunaldi Berriko Banda Zabala Hedatzeko Planaren esparruan (PEBA-NGA plana) gaur egun gauzatzen ari diren proiektuak amaitzen direnean lortuko dena. Plan hori Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) kofinantzatzen du.
Proiektu horiek 2021ean gauzatzen direnean, abiadura ultra azkarraren estaldura Espainiako biztanleriaren % 91,24ra iritsiko da, eta landa-eremuetan % 75,29ra. Horrek esan nahi du erdira murriztuko dela landa-eremuen eta lurraldearen gainerako eremuen arteko estaldura-aldea.
Banda zabalaren hedapenarekin azkar jarraitzeko, apirilaren 14an 2020-2022 aldirako oinarri-agindu bat argitaratu zen, lurraldean banda zabalaren eskuragarritasuna osatu ahal izateko.
Txostena egiteko, datu hauek hartu dira oinarri: banda zabaleko sareen operadore titularrek 2019ko ekainaren 30ean bildutako datuak, Espainian dauden 61.778 biztanle-entitate bereziei eta 2018ko INEren demografia- eta errolda-datuei dagokienez, eta Telekomunikazioen eta Azpiegitura Digitalen Estatu Idazkaritzak garatutako harmonizazio- eta agregazio-metodologia aplikatuta.