Gobernuak kontsulta publikora atera du etorkizuneko ‘Startupen Legea’
Gobernuak Startup-en Ekosistema Sustatzeko Legearen (edo ‘Startup-en Legea’) legegintza-prozedura hasi du, kontsulta publikoaren izapidea irekiz.
Kontsulta publikoaren helburua da ‘Startupen Legearen’ aurreproiektuaren testuak ekosistemaren behar eta sentsibilitate desberdinak jasotzea eta horiei erantzutea, eta herritarren eta erakundeen iritzia eskatzen du startup baten kontzeptu-zedarritzeari buruz, eragile inbertitzaile pribatuek edo «business angels»ek bete beharko dituzten baldintzei buruz eta startupen sorkuntza eta jarduera laguntzeko eta bultzatzeko beharrezkoak diren neurriei buruz.
‘Startupen Legeak’ izaera juridiko espezifikoa aitortuko die enpresa horiei, zenbait berezitasun baitituzte. Bereziki, haien negozio-ereduen ahalmen globala, berritzeko bokazio sendoa eta haien finantzaketa-beharren berezitasunak, proiektuen lehen etapetan.
Arau horren helburua da lege-esparru egokia sortzea oinarri teknologikoko ekintzailetzarako, ekosistema berritzailearen dinamismoak behar duen malgutasuna ahalbidetuz eta Espainiari konpainia horien errealitatera egokitutako legeria ematen saiatuz.
Ekonomia eta Enpresa Ministerioak jarri du martxan arautze-prozesua, Aurrerapen Digitalerako Estatu Idazkaritzaren bidez, eta Espainia Nazio Ekintzailea estrategiaren funtsezko zatia da, ekintzailetza bultzatuz herrialdearen ekoizpen-eredua birmoldatzeko. Kontsulta publikoaren irekierak, horrela, ekosistema ekintzaileari laguntzeko konpromisoen hasiera markatzen du, joan den urrian Pedro Sanchez Gobernuko presidenteak iragarri zituenak.
Kontsulta publikoa 2019ko urtarrilaren 25era arte egongo da zabalik, honako esteka honen bitartez: www.mineco.gob.es/leystartups