Politika Publikoak eta Zerbitzuen Kalitatea Ebaluatzeko Estatuko Agentziak (AEVAL) erakunde-jarduera bat garatzen du, gobernu-ekintzaren kalitatea, eraginkortasuna eta efizientzia hobetzea eta herritarrei kontuak ematea helburu duena, gizarte demokratiko ororen ezaugarria baita. Alde horretatik, ebaluazioa funtsezko tresna da esku-hartze publikoen emaitzak eta ondorioak ezagutzeko.
AEVALekin batera, Espainiako administrazio publikoetako kalitate-organo arduradunak konbentzituta daude ebaluazio-sistema publiko bat finkatzea komeni dela. Sistema horrek kalitatean inplikatutako pertsonen eta erakundeen ikaskuntzan oinarritu behar du, administrazioek jada sortutako esperientziatik eta ezagutzatik abiatuta.
Dokumentu hau AEVALek egin du, eta Administrazioen Arteko Kalitate Sareko kideek beren ideiak eta esperientziak azaldu dizkiote. Ebaluazioarekiko konpromiso horren erakusgarri da dokumentu hori. Sareko kideek uste osoa dute sektore publikoan zerbitzuak behar bezalako kalitate-bermeekin eman behar direla, eta, zerbitzua ematen den ekitaldi bakoitzean, herritarrek erakunde publikoen eraginkortasuna eta demokraziaren kalitatea baloratzen dituztela. Horregatik, Administrazioen arteko Sareak agerian utzi nahi du kalitatearen aldeko aliantza sendoa dela. Oraingo honetan, “Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeko Gida” aurkeztu da. Gida horrek metodologia orokor bat proposatzen du, hainbat zerbitzuri aplika dakiekeena, horniduraren ardura duen administrazioa edozein dela ere.