Espainiak laugarren urtez jarraian berretsi du Gobernu Irekirako Aliantzako (OGP) kideen lidergoa, maiatzaren 19tik 25era bitartean egingo den Administrazio Irekiaren Astean 1.778 ekimen eginda. Ekimen horiek nagusiki ministerioek, autonomia-erkidegoek, udalek eta sektore publikoko erakundeek antolatu dituzte.
Mundu mailako Gobernu Irekirako Aliantzak bultzatutako ekimena da Gobernu Irekiaren Astea. Erakunde horretan gobernuak eta gizarte zibila daude ordezkatuta, eta Administrazio Publikoen eta herritarren arteko harremana sustatu nahi du, gardentasunaren eta osotasunaren, herritarren parte-hartzearen eta oinarrizko eskubideen sustapenaren balioetan eta kontuak ematean oinarrituta.
Administrazio Publikoak herritarrei gerturatzea du helburu Gobernu Irekiaren Asteko ekimenak. Estatu bakoitzean egiten diren ekintzen berri ematen zaio Aliantzari, gainerako kideek ezagut ditzaten eta Aliantzako kide bakoitzarengan ekimenak zer eragin duen jakin dezan.
2018ko maiatzean egin zen lehen aldiz Administrazio Irekiaren Astea Espainian. Bertan, ministerio, autonomia-erkidego eta udalerri guztiek parte hartu zuten, Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioaren bitartez. Guztira, 347 ekitaldi egin ziren. Zazpi urte geroago, 1.778ra iritsi da ekimen kopurua, eta ate irekien jardunaldiak izan dira jendetsuenak, ondoren tailer eta ikastaroak, eta bisita gidatuak.
Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikorako Ministerioak Estatua eraldatzen: administrazioaren papera Espainiak Askatasunean 50 urte bete dituen honetan izeneko jardunaldia antolatu du INAPen; gainera, Ministerioaren egoitzan, bi egunez jarraian, talentua erakartzeko proiektuaren aurkezpena egingo da DBHko 4. mailako eta Batxilergoko 1. mailako ikasleentzat: Zer egiten dugu langile publikook Ministerioan? MUFACEk, bere aldetik, aurrez aurreko tailerrak egingo ditu lurraldeko zenbait herritan, 55 urtetik gorako mutualistentzat, egoitza elektronikoa erabiltzeko prozesua azaltzeko, bai eta haren bidez prestazioak eskatzeko prozesua ere.
Espainia Gobernu Irekiaren Aliantzako kide da sortu zenetik, 2011tik. 2023ko martxoan, Gobernu Irekirako Aliantzaren Zuzendaritza Batzordean parte hartzeko hautagaitza aurkeztu zuen eta, Estatu Batuekin eta Kenyarekin batera, bertan parte hartzeko hautatua izan zen. Ondoren, 2023ko urriaren 1etik OGPren Zuzendaritza Batzordeko buru da Cielo Magno gizarte zibilaren ordezkariarekin batera, eta 2025eko urrian, agintaldiaren amaierarekin batera, Gobernu Irekiaren IX. Goi Bilera Globala antolatuko du Gasteizen.